Herrian zabaldu diren lapurreten inguruko zurrumurruak gezurtatu ditu udalak

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 25a, 13:32

Udalak ohar baten bidez azaldu du funtsik ez dutela sare sozialen bidez zabaldu diren lapurreta-ondeen esamesek, eta zurrumurru horiek ez zabaltzeko eskatu du, "segurtasun ezaren sentsazio faltsua baino ez dutelako sortzen".

Etxebizitzetan izandako ustezko lapurreta-olde baten inguruko mezua zabaldu dira azken egunotan sare sozialen bidez. Horrekin batera, herrikide baten argazkia ere han eta hemen ibili da. Horren aurrean, udalak gezurtatu nahi izan du lapurreta horiek gertatzen ari direnik eta herritarrei eskatu die esames horiek ez zabaltzeko eta haria eteteko. 

Udalak ohar bidez azaldu duenez, "halako mezuek segurtasunik ezaren sentsazio faltsua sortu, eta, aurreiritzi bidegabe eta kaltegarriak betikotzen laguntzen dute". Haren esanetan, "ez da alarma horiek justifikatzen dituen gertakaririk izan; azken bi hilabeteotan bi lapurreta egon dira Zumaian, denbora-tarte eta herriko txoko desberdinetan". Gaineratu du, herrian zabaldutako mezuetan "neurrigabe handitu da arazoaren dimentsioa, eta udalak jakinarazi nahi du gertatutako bi kasu horietan udaltzaingoak zein Ertzaintzak eskuhartu duela".

Udalak dei egiten dio komunitateari sare sozialetan irakurritakoak "tentuz hartzeko, eta herritarrak estigmatizatu ditzakeen zein beharrezkoa ez den alarma egoera sortzen duen edukia partekatzea saihesteko. Jarrera horiek funtsezkoak dira gure komunitatearen kohesioari eta Zumaiaren ezaugarri den elkartasunari eusteko".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide