KAE1 eta ETE ligetako estropadak jokatuko dituzte asteburu honetan Zumaiako arraunlariek. Gizonek gaur izango dute arraun saioa; emakumeek, berriz, bihar.
Santurtziko 45. ikurriña izango da gaur jokoan Bizkaiko herrian. Lineako estropada izango, lau kalerekin, lau luzetara eta hiru ziabogarekin. 14:25ean ekingo diote lehiari.
Zumaiak maila onean jarraitzen du arraun denboraldian. Pasa den asteburuan Pedreñan (Kantabria, Espainia) jokatutako estropadan bigarren egin zuten –aurkaririk ez duen San Juanek irabazi zuen Marina de Cudeyo bandera– eta sailkapenean hirugarren dira, 54 punturekin, bigarren den Arkoterengandik hiru puntu eskasera.
Emakumeak Erandion
Zumaiako arraun elkarteko emakumeek bihar izango dute ETE ligako estropada, Erandion (Bizkaia). Erandioko 37. Bandera izango da jokoan. Goizeko 11:00etan hasiko dute lana, eta erlojupeko estropada izango da biharkoa.
Pasa den asteko emaitza hobetu nahiko dute zumaiarrek, laugarren izan zirelako Marina de Cudeyo banderan. Hala, denboraldi hasieratik mantentzen zuten lidergoa galdu zuten gorriek.