Harrera udaletxean bainuaren aurretik

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 26a, 15:00

Oporrak bakean programaren bidez uda eskualdeko famieliekin edo Larrabetzuko Bakeleku udalekuan igarotzen diren haur sahararrei harrera egin diete eguerdian Zumaiako udaletxean.

Minutu gutxi batzuetan izan bada ere, haur sahararrek udal ordezkarien lekuan esertzeko aukera izan dute gaur eguerdian. Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan garai honetan izaten duten berotik ihesi, uda Euskal Herrian pasatzeko aukera du haur talde batek Oporrak Bakean programari esker. Aurten, zortzi haur eskualdeko familiekin ari dira oporrak pasatzen; beste hemezortzi Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuan dira aste hauetan. Denak ere Darahli elkarteak egindako gestioen bidez etorri dira Euskal Herrira.

Haur hauei guztei harrera egin diete eguerdian Zumaiako udaletxean. Bertan izan dira Iñaki Ostolaza alkatea eta Aitor Manterola eta Joxemi Antia zinegotziak. Ongi etorriko hitz batzuren ondoren, haur bakoitzari opari bana eman diote. Handik Santiago hondartzara joan dira haurrak, beraien etxeetan hartu dituzten familiak, eta Larrabatzun txandaka lanean dauden begiraleak. Bertan, itsasoan bainatzeko aukera izango dute haur hauek.

Gaua herriko etxeetan pasatu ondoren, bihar Zestoara joango dira haur sahararrak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide