Erkibeko lorategia Alde zaharreko bizilagunentzako aparkaleku bihurtzea proposatu du EAJk plenoan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 27a, 13:00

Erkibe etxea. (Juan Luis Romatet)

Uda garaian kendu egiten den Txomin Agirreko autobusen geralekua autoen aparkaleku izatea ere planteatu zuten jeltzaleek pasa den asteazkenean egindako osoko bilkuran.

Uztaileko udalbatzarra egin zuten asteazken arratsaldean udaletxeko pleno aretoan. Amaieran, galdera-erantzunen txandan, aparkalekuen inguruko galdera edo proposamen bat egin zuen EAJko zinegotzi Joxemi Antiak. Zumaiako alde zaharrean aparkatzeko leku batzuk kendu direla eta, proposatu zuen Erkibe etxeko lorategia inguruko bizilagunek erabili ahal izango zuten aparkaleku bihurtzea.

Era berean, Txomin Agirre kaiko autobusen geralekua uda sasoian kendu egiten dela-eta, gune hori bertakoentzako aparkaleku bezala erabilgarri jartzea ere proposatu zuen Zumaiako EAJk. Beraien esanetan, leku horretan 20 bat aparkaleku sortu ahal izango lirateke.

Iñaki Ostolazak alkatearen esanetan, Erkibe etxeko lorategia autoak aparkatzeko erabiltzen da Beheko plazan ekitaldiren bat dagoenean eta horretarako beharrezkoa denean. Ohikoan gune hori aparkaleku bihurtzearen aurka agertu zen. Txomin Agirre kaiari dagokionez, berriz, udaltzainburuarekin gaia aztertuko zuela esan zuena, baina karga-deskarga lanak egiteko gune aproposa izan daitekeela ere esan zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide