Olinpiar Jokoak 2024

Gonzalez Etxabarrik bigarren aukera izango du gaur Jokoetan

Aritz Mutiozabal 2024ko uzt. 28a, 09:15

Janire Gonzalez Etxabarri Teahupooko tutua menderatzen (@ISAsurfing)

Surflari zumaiarrak ez du asmatu bart jokatutako lehen txandan, eta ez da zuzenean sailkatu hirugarren txandara. Hala ere, gaur gauean aukera berri bat izango du, Anat Lelior israeldarraren aurka lehiatuta.

Janire Gonzalez Etxabarri surflari zumaiarrak bart ekin dio Parisko Olinpiar Jokoei, Teahupooko uretan. Tamalez, ez da fin aritu kanporaketako bigarren txanda, eta hirugarren izan da 2.43 punturekin bakarrik (1.30 eta 1.13). Bere multzoan, Vahine Fierro frantsesa nagusitu da 11.17 punturekin; bigarrena, berriz, Sol Agirre geratu da, 4.30 puntu eskasekin.

Edonola ere, txapelketan aurrera jarraitzeko bigarren aukera bat izango du gaur iluntzean zumaiarrak. Bigarren txandako zortzigarren mangan ariko da, 23:12ean, Anat Lelior israeldarraren aurka.

Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak, aldiz, inolako arazorik gabe gainditu du lehen txandako lehia, 13.83 punturekin (8.33 eta 5.50), batez ere, ongi menderatutako tutu eder bati esker. Erostarbe eguneko zazpigarren txandan aritu da, eta aise menderatu ditu Zeelanda Berriko Saffi Vette (7.50) eta Txinako Siqi Chag (5.40). Ondorioz, zuzenean sailkatu da astelehen gauen jokatuko den hirugarren txandarako; oraindik zehazteko dago zein izango duen aurkaria eta zein mangatan ariko den.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide