Irati Osa, Europako txapeldun

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 29a, 08:00

Irati Osa eta Arantza Toledo, dominekin Polonian. (Utzitakoa)

Arantza Toledorekin bikotea osatuta, Maratoi distantziako Europako txapelketa irabazi du. Gaur arratsaldean harrera egingo diote Zumaian.

Garaipen handia lortu du Irati Osa Itxas Gain klubeko piraguista zumaiarrak. Poloniako Poznan hirian jokatu berri diren Maratoi distantziako Europako piraguismo txapelketan aritu da Osa, eta urrezko dominarekin itzuliko da etxera.

Uztailaren 24tik 28ra bitartean jokatu dute txapelketa hau Polonian. Irati Osa bi probatan aritu da, Espainiako selekzioarekin. Larunbat arratsaldean, bakarka aritu zen, eta seigarren amaitu zuen proba. 

Atzo eguerdian jokatu zuen txapelketako bigarren eta azken proba, k2 ontzia Arantza Toledorekin osatuta. 26,2 kilometroko lana egin behar izan zuten parte hartzaileek. Osa eta Toledo izan ziren helmuga zeharkatzen lehenak, 2:02:36,26, bigarren eta higugarren egin zuten Hungariako ordezkariei minutu eta erdiko aldea ateraz. Hala, urrezko domina lortu zuten zumaiarrak eta Cuencako (Gaztela-Mantxa, Espainia) piraguistak.

Lorpena herritarrekin ospatzeko aukera izango du Osak gaur arratsaldez. Izan ere, Itxas Gain klubak harrera egingo dio Itsas kiroldegi parean, 18:00etan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide