Watkins garaile Mutrikun, Lopez Gernikan

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 29a, 09:30

Frida Watkins, Mutrikuko sari banaketa ekitaldian. (Danok Bat)

Mutrikuko zesta punta txapelketa irabazi du Frida Watkinsek Elaia Gogenolarekin bikotea osatuta. Johan eta Imanol Lopez, berriz, Gernikako finalerdietara sailkatu dira. 

Asteburu ona izan da pasatakoa Zumaiako puntistentzat. Jokoan zituzten partidak irabazi dituzte Frida Watkinsek zein Imanol Lopezek.

Ostiral iluntzean jokatu zituzten Mutrikuko Masters Serieseko finalak. Emakumeen partidan, Berriatuako Elaia Gogenolak eta Frida Watkins zumaiarrak Maite Ortiz de Mendibilen eta Oaia Otañoren aurka jokatu zuten. Emoziorik ez zen falta izan. 15-14 emaitzarekin irabazi zuten gasteiztarrak eta mutrikuarrak lehen jokoa, baina bigarrenean Berriatuakoa eta zumaiarra gailendu ziren 13-15 emaitzarekin. Berdinketa hautsiko zuen set laburra ere azken hauek irabazi zuten (3-5), eta hala Mutrikuko Masters Seriesa etxera eraman zuten Gogenolak eta Watkinsek.

Egun bat geroago, larunbatean, Gernikako Grand Slameko bigarren jardunaldia jokatu zuten. Jaialdiko lehen partidan, Laduche eta Ibarluzea Johan Sorozabal eta Imanol Lopez zumaiarraren aurka aritu ziren. Biarritzekoak eta Zumaiakoak aise irabazi zuten lehen jokoa (8-15), baina Donibane Lohizunekoa eta Markina-Xemeingoa ez zeuden ezer oparitzeko, eta bigarren jokoa 15-10 emaitzarekin irabazi zuten. Estu joan zen berdinketa hausteko joko laburra, eta azkenean lapurtarra eta gipuzkoarra izan ziren nagusi, 4-5 emaitzarekin. Garaipen honi esker, Gernikako Grand Slameko finalerdietara sailkatu dira Johan eta Lopez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide