Bihar hasiko da 52. Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 30a, 17:00

Iazko edizioko saridunak antolatzaileekin. (Javier Carballo)

Zumaiako udako kirol egutegian leku finkoa duen jarduerari hasiera emango diote bihar gauez Aitzuri frontoian, 23 urtez azpikoen aurrekanporaketarekin.

Mende erdiko historia baino gehiago du bihartik aurrera Zumaiako Aitzuri frontoian jokatuko duten Dinastia Etxabe pilota txapelketak. Aurtengoarekin, 52. aldia beteko du lehiak, eta azken urteotako bideari jarraituz, jubenilen eta 23 urtez azpikoen afizionatu mailetan lehiatuko dira partaideak. Ohi bezala, jaialdiak gauez jokatuko dituzte Zumaiako frontoi luzean, 21:00etan hasita.

Bihar eta etzi, 23 urtez azpikoen kategoriako aurre-kanporaketak jokatuko dituzte. Biharko jaialdian, lehen partidan, Oskoz eta Balerdi Rekalderen eta Garciaren aurka arituko dira; bigarrenean, berriz, Apaolaza eta Beloki Iker Egigurenen eta Sotilen aurka. Osteguneko jardunaldian, berriz, Igoak eta Santestebanek Altuna eta Landa izango dituzte aurkari, eta, gaueko bigarren partidan, Hormaetxek eta Abenizek Sarasibar eta Bullon.

Bi jardunaldi horietako irabazleek final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratuko dute. Fase horretako jaialdiak abuztuaren 5ean, 8an, 14an eta 16an jokatuko dituzte. Finalerdiak, berriz, abuztuaren 19an, 22an eta 26an izango dira jokoan. Aurreko urteetan bezala, aurten ere zesta-puntari tartea egingo diote pilota txapelketa beteranoan, eta hilaren 26ko jaialdian puntistak izango dira protagonistak.

Txapelketaren finalak abuztuaren 29an jokatuko dituzte, Aitzurin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide