Swing eta jazz doinuekin hasiko da gaur 40. Musika Jaialdia

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 30a, 12:30

Zumaiako Musika Banda, entseatzen artxiboko irudi batean. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Musika Banda Big band bihurtuko da gaur arratsaldean Odietan emango duen kontzerturako. Emanaldi honekin hasiko da Zumaiako 40. Musika Jaialdia. 

Swing eta jazz doinuek entzuteko parada izango da gaur arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Odieta pilotalekuan. Zumaiako 40. Musika Jaialdiaren estreineko kontzertu honetarako big bandean mozorrotuko da Joxe Mari Azkuek gidatzen duen Zumaiako Musika Banda, ZUMBig Band emanaldirako hain zuzen.

Virginia de la Casa abeslari gasteiztarra izango dute kolaboratzaile gaurko saioan. Ruper Ordorika, Doctor Deseo eta beste hainbat artista eta talderentzat lan egin duen eskarmentu handiko abeslaria da de la Casa. Gasteizko Udal Musika Banda, Betagarri, Gasteiz Big Band, Ortophonk edo La mujer barbuda bezalako taldeetan ere bakarlaria izan da. Haren ahotsa filmen soinu-bandetan eta publizitate-kanpainetan ere entzun daiteke eta gaur egun Virginia de la Casa Trio izeneko taldearen buru da.

Errepertorioan swing doinuek izango dute protagonismoa. Hala, Glenn Miller, Dizzie Gillespie, Arthur Hamilton edota Herbie Hancocken doinuak entzuteko aukera izango dute frontoira bertaratuko direnek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide