Herritar askorentzako Zumaiako korrespontsala izan den Luis Mari Aizpurua atzo zendu zen 85 urterekin. Bizitza oparo eta aberatsa izan zuen pertsona, Zumaian izandako hainbat jarduera eta ekitaldiren berri eman zuen, baita, sarritan, haien atzean egon ere protagonista edo antolatzaile gisa.
Imanol Azkuek 2019an Baleiken (ZumaiaGuka gaur egun) egin zion elkarrizketa batean bere bizitzaren errepasoa egin zuen Aizpuruak. Hala, kirolaria izan zen bere gaztaroan, baita Oargui elkarteko presidentea ere. Hogarreko zuzendaritzako kide izan zen, herriko koroetan abeslari ere bai. Hori guztiaz gain, kazetaria ere izan zen urte askoan. "Beste askorentzat bezala, niretzat ere Luis Mari korrespontsala izan da beti, horrelaxe ezagutu genuelako, Zumaiaren eta zumaiarren berri ematen egunkarietan eta irratian", zioen Azkuek artikulu horretan.
Kazetaritza oso bestelakoa zenean, berri bat emateko halako urgentziarik ez zegoenean, eta orduko kazetariek (are gehiago herrietakoak zirenean) zituzten baliabideak urriak zirenean, herrian gertatzen ziren istorio eta historien berri eman zuen Luis Mari Aizpuruak. "Luis Mariri txikitatik gustatu izan zaio idaztea, eta denbora luzez aritu da kronista: hogeita bat urterekin hasi eta berrogeita hamazazpi bete arte, herrian gertatutakoen berri ematen. “Periodiko denak pasatu nituen!”, dio, eta arrazoia dauka: La Voz de España (1960an Paoleko istripuaren berri ematea tokatu zitzaion), Egin, Deia, La Voz de Euskadi eta El Diario Vascon; azken horretan 13 urte egin zituen, eta herriko berriak emateaz gain, 20 orrialdeko gehigarria ere egiten zuen santelmoetan, laguntzaile onekin. Cadena SERen ere hamabost urte egin zituen, astean hirutan Zumaiako, Getariako eta Zarauzko berriak ematen, eta igandeetan euskaraz, Jose Ramon Belokirekin", zioen Azkuek artikulu horretan.
Hori guztia beste lanak bateratu behar izan zuen Aizpuruak. Urte askoan banku batean egin zuen lan, eta hango lanorduak amaitu ondoren idazten zituen egunkarirako kronikak. "Lehen, atzo idazten zen, gaur eraman eta bihar argitaratu, eta argazkiak errekadista bidez bidali". Gaur egungo mundu digitalarekin zer ikusi gutxi zuen orduko kazetaritzak.
Behin erretiroa hartuta, Baleike aldizkarian ere kolaboratu zuen iritzi artikuluak idazten.