Espainiako eskubaloi selekzioak Pariseko Olinpiar Jokoetako bigarren garaipena lortu zuen atzo Japoniaren aurka jokatutako partidan. Gol festa izan zen A multzoko partidan. Izan ere, 37-33 emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka. Jordi Ribera hautatzaileak gidatzen duen taldeari kostatu zitzaion Japoniak proposatutako joko azkar eta alaiari behar bezala erantzutea.
Espainiako selekzioaren garaipenean parte hartze handia izan zuen Kauldi Odriozola jokalari zumaiarrak: sei gol lortu zituen atzoko partidan. Bera izan zen selekzioan gol gehien sartu zituen jokalaria atzoko lehian.
Sailkatze faseko hiru partida jokatuta, bi partida irabazi ditu Espainiako selekzioak (Esloveniaren eta Japoniaren aurka) eta bat galdu, Suediaren aurkakoa. A multzoko sailkapenean lau selekzio daude lau puntutara berdinduta: Alemania, Kroazia, Espainia eta Eslovenia. Justu Alemaniaren aurka jokatuko du Espainiako selekzioak bihar arratsaldean, 16:00etatik aurrera.