Hitzordu ugari, Musika Jaialdiaren bueltan

Maria Maya Manterola 2024ko abu. 2a, 09:30

Sapere Aude Sinfoniettaren eta San Pedro abesbatzaren kontzertu bateko artxiboko irudia.

Musika Jaialdiaren bueltan antolaturiko ekitaldi ugari izango da gaurtik igandera bitarte ere. Gaur, Sapere Aude Sinfoniettak kontzertua eskainiko du Zumaienan, eta bihar eta etzi, San Pedro parrokiko organoa ezagutzeko aukera izango da.

Musika Jaialdiaren bueltako hitzordu ugari izango da Zumaian asteburu honetan. Gaur, esaterako, Sapere Aude Sinfoniettaren kontzertua izango da, 20:00etan, Zumaiena aretoan. Giacomo Pucciniren eta Gustav Holsten obrak joko ditu Jon Malaxetxebarriak zuzenduko duen hamabost laguneko orkestrak. Emanaldi honetan ere urteurrenekin jokatu nahi izan dutela adierazi du taldekide Marixi Sesmak. "100 urte betetzen dira Puccini hil zela, 90 urte Holst hil zela, eta jaialdiak 40 urte beteko ditu". Kontzertu solidarioa izango da, eta behin gastuak estali ondoren aterako duten dirua minbiziaren aurkako elkartea laguntzeko erabiliko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan edo entradium.com webgunean.

Bihar eta etzi Zumaiako San Pedro parrokiko organoa ezagutzeko bi aukera izango dira. Batetik, bihar, larunbata, eguerdiko 12:00etan, hitzaldi musikatua eskainiko dute Iker Gonzalez eta Mari Karmen Azpeitia zumaiarrek. Igandean, hilaren 4an, 20:00etan hasita, Lucia Gomez mezzosopranoaren eta Gerardo Rifon organistaren emanaldia izango da parrokian bertan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide