Dinastia Etxabe txapelketaren bigarren jardunaldia hartu zuen atzo Aitzuri pilotalekuak. 23 urtez azpikoen kategoriako bi pilota partida jokatu ziren han, eta dagoeneko argitu da nortzuk jokatuko dituzten final laurdenetako partidak.
Josu Igoa (Tolosa) eta Endika Santesteban (Oberena) bikote nafarrak 22-10 irabazi zien Aitor Altunari (Tolosa) eta Unax Landari (Oiarpe). Partida hasi bezain pronto atera zieten aldea Igoak eta Santestebanek Altunari eta Landari. Amaiera aldera iritsi ziren hamar tantora azken horiek, baina ordurako garaipenetik gertu zeuden aurkariak. Abuztuaren 14ko final laurdenean Igoak eta Santestebanek Eñaut Lizeaga eta Adrian Azpirozen aurka neurtu beharko dute.
Oier Hormaetxek (Lezama) eta Unai Albenizek (Tolosa) lortu zuten final laurdenetako azken postua. Andoni Sarasibar (Oberena) eta Urko Bullonen (Lagun Onak) aurka aritu ziren, eta 22-17 irabazi zieten. Azpitik zihoan bikoteak aukerak izan zituen besteen mailara hurbiltzeko, baina akats asko egin zituzten.
Hitzordua oso zaila zen nafarrarentzat eta bizkaitarrarentzat, baina presio pixka bat sartu ahal izan zieten 17 tantora iritsiz. Azkenean, Lezamakoak eta Aiakoak jokatu zuten norgehiagoka, eta abuztuaren 16an Jorge Fernandez eta Intza Garaño izango dituzte aurkari.