Sella ibaiaren nazioarteko jaitsiera irabazi du Irati Osak

Juan Luis Romatet 2024ko abuztuaren 3a

Irati Osa eta Arantza Toledo Sellako podium gainean. (@riversella)

K2an irabazi du zumaiarrak proba garrantzitsu hau, Arantza Toledorekin bikoa osatuta. Gizonetan, Iñigo Peña seigarren izan da, Pedro Vazquezekin bikotea osatuta. 

Nekez ahaztuko du Irati Osak azken astebetean bizitakoa. Duela zazpi egun, uztailaren 28an, Europako piraguismo txapelketa irabazi zuen Poznan hirian (Polonia), maratoiko modalitatean. Gaur, berriz, Asturiasen (Espainia) jokatzen duten Sella ibaiaren nazioarteko jaitsiera irabazi du. Bi hitzorduetan, Cuencako (Gaztela-Mantxa, Espainia) Arantza Toledorekin osatu du zumaiarrak k2 ontzia. Iaz banakako proban gailendu zen zumaiarra.

1.277 piraguistak hartu dute parte jaitsiera entzutetsu honen aurtengo aldian. Arriondasetik atera eta Ribadesella arteko 20 kilometroak egin behar izan dituzte piraguistek. 1:17:31 denboran egin dute zumaiarrak eta Gaztela-Mantxakoak proba. Aise irabazi dute proba, bigarren egin duten Tania Alvarez eta Tania Fernandezi lau minutuko aldea atera diete eta.

Gizonetan, Iñigo Peña zumaiarra seigarren sailkatu da. Jaitsiera honetan Pedro Vazquezekin osatu du Peñak ontzia. Biek ere Espainiako taldeko kide gisa hartu dute parte proban, eta 01:08:43 denboran amaitu dute proba, jaitsiera irabazi duten Jeremy Candy eta Quentin Urban frantziarrengandik zortzi segundo eskasera.

Itxas Gainekoen parte hartzea

Itxas Gain klubeko beste lau piraguistak hartu dute parte gaurko proban. Emakumeetan, Eider Amundarain eta Maria Martinez hamaikagarren izan dira k2an, 1:29:00 denborarekin. Banakakoan, gizonetan, Asier Aizpurua 145. izan da eta Aimar Amundarain 175. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide