Abuztuaren 17an izango da aurten Kuadrilla Eguna Zumaian, eta urtero bezala, Dardara Zumaiako musika kolektiboak egun hori baliatuko du Dardara Fest jaialdia ospatzeko. Zumaiako Udalaren laguntzarekin, bost talderen kontzertuez gozatzeko aukera izango da herrigunean, Amaia plazan.
Jaialdia 19:00etan hasiko da, eta Eire etxeko bikotearekin batera igoko dira oholtza gainera Ithaka, Leihotikan, Dead Sequoia eta Sioqué taldeak.
Bost talde
Sioqué talde burgostarrak emango dio hasiera aurtengo Dardara Fest jaialdiari. Rocka, stoner punka eta musika beltza uztartzen dituen taldea da. 2017. urtean atera zuten lehen EPa, Ironia mundana izenekoa, eta bi urte geroago lehen disko luzea, Singular izenekoa. Zumaian joko dute Burgosekoak udako beraien lehen kontzertua.
Garaje punka lantzen duen talde gasteiztarra da Dead Sequoia, Amaiako plazako agertokira igoko den bigarren taldea. 2019an atera zuten beraien lehen singlea, eta urte bete geroago taldearen izen bereko EPa. Ordutik pare bat abesti igo dituzte sareetara.
Afaltzeko atsedenaldiaren ondoren, Ithaka laukotearen txanda izango da. Orioko eta Zarauzko lau lagunek 2021ean osatutako taldeak pop rock doinuak lantzen ditu. Zenbai single atera ondoren, iazko otsailean plazaratu zuten zortzi abestiz osatutako Biluzten diskoa.
Lehiotikan talde nafarra izango da agertokira igotzen hurrengoa. 1993. urtean sortu zuten, Iruñean, Kaliforniako taldeen hardcore melodikoarekin eta Ingalaterrako punk-rockarekin maiteminduriko bost gaztek. Geroztik, jende gutxirentzako taldea izateari utzi gabe, hainbat disko kaleratu dituzte Gor diskoetxearekin, abesti zuzen eta laburrez beterikoak, eta kontzertu ugari eman dituzte gaztetxeen zirkuituan. Iazko Etorkizuna ginenean da orain arte atera duten azken diskoa.
Eire Zumaiako bikoteak emango dio amaiera aurtengo Dardara Fest jaialdiari. Eire Maia eta Eire Salegiren proiektua, pare bat single atera zituzten 2023. urtean iazko Durangoko Azokaren atarian beraien lehen EPa, Zauriren bat bistan izenekoa, argitaratu aurretik. Zazpi abestiko diskoa, ordutik makina bat kontzertu eman dituzte Euskal Herri osoan zehar.