Donostiako Klasikoak eragina izango du bihar Zumaiako trafikoan

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 9a, 08:00

Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba jokatuko dute bihar, larunbatez. Txirrindulariak eguerdi partean pasatuko dira Zumaiatik, eta horrek eragina izango dute autoen sarrera-irteeratan.

Aurreikuspenak betetzen badira, behintzat, Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba eguerdiko 12:15ean pasatuko da Zumaiatik. Getariatik etorriko dira txirrindulariak, eta herri barrura sartuko dira: Patxita Etxezarreta kaletik igaroko dira eta Zubitxikia pasata, Axular ibiltokia hartuko dute handik Narrondorantz joateko. Behin Arroa Behea igarota, Itziar aldera egingo dute ziklistek.

Udaltzaingoak azaldu duenez, proba honek eragin nabarmena izango du Zumaiako trafikoan. 11:30etik 12:20era arte, gutxi gorabehera, trafikoa guztiz itxita egongo da. Hala, denbora tarte horretan autoek ezingo dute herrira sartu, ez irten ere. 

Auto ilarak AP-8ko irteeratan

Klasikoak AP-8 autobideko zenbait irteeratan eragina izango duela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haren arabera, auto ilarak sor daitezke txirrindulariak pasako diren errepide horiek aldi baterako itxiko direlako. Autobidearen Zarauzko irteera da horren adibide. Aldundiaren arabera, bihar 11:30etik 12:30era bitartean gerta daitezke ilara horiek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide