Ondo kostatuta, baina garaipena erdietsi du Espainiako eskubaloi selekzioak Parisko Olinpiar Jokoetako final laurdenetako partidan. Egipto izan du gaur aurkari Jordi Ribera hautatzaileak prestatzen duen taldeak Lille hirian jokatu den final laurdenetako lehen hitzorduan, eta espero bezala, talde afrikarrak gauzak zail jarri dizkio Espainiako selekzioari.
Bai zail jarri ere, atsedenaldira lau goleko aldearekin joan da eta Egipto (8-12). Espainiak jokoa hobetu beharko zuen etzi finalerdietan egon nahi bazuen. Egiptok markagailuan zuen aldea murriztea kostatu zaio. Espainiaren gol bakoitzari beste batekin erantzun dio Egiptok. Partida amaitzeko 15 minuturen faltan, lau goleko aldea mantzentzen zuten afrikarrek (16-20). Riberak hutsartea eskatu du une horretan, eta hor etorri da Espainiaren erreakzioa. Pixkanaka aldea jaten joan da, 58. minutuan 24nako berdinketa lortu duen arte. Partida 25-25 emaitzarekin bukatu da, eta hamar minutuko luzapena jokatu behar izan dute. Hor hobeto moldatu da Espainiako selekzioa eta, azkenean, 29-28 emaitzarekin irabazi du partida.
Kauldi Odriozola hasierako zazpikoan sartu du Ribera hautatzailea. Bi gol ere sartu ditu zumaiarrak, biak ere lehen zatian.
Finalerdia ostiralean
Ostiralean jokatuko dituzte Olinpiar Jokoetako eskubaloiko finalerdiak. Alemania izango du aurkari Espainiako selekzioak Lille hirian jokatuko duten partidan. Alemaniarrek 35-34 emaitzarekin irabazi diete Frantziari eguneko bigarren finalerdian. Lehena bezala, hau ere luzapenean erabaki da.
Espainia eta Alemania sailkatze faseko laugarren jardunaldian neurtu ziren eta orduan 33-31 emaitzarekin irabazi zuten alemaniarrek.