Zumaiarren doinuak

Iñaki Zubimendi Zialtzetaren doinuak

Erredakzioa 2024ko abu. 21a, 09:00

Kirolaria eta kirolzalea. Pulporen lehen taldeak igoera erdietsi ondoren deitu zion hedabide honek bere iritzia emateko, baita baiezkoa eman ere. Musikazale porrokatua ere bada, eta atal honetarako gogoko dituen bost kanta aukeratuko zituen galdetua, fin-fin bidali zituen. 

Aldartearen arabera musika mota bat edo bestea entzuten dut, baina badaude abesti edo album batzuk ezagutu nituenean buklean entzuten nituenak etengabe, sortutako inpaktoagatik. Gehiago dira, baina hemen bost abesti arrazoi bat edo besteagatik bere momentuan burutik kendu ezinda eduki nituenak.

1. Itoiz: Hilzori II

Nere talde kuttunenetako bat. Eta hau nerabezaroan gehien abestuko nuen abestia. Entzunaldi ia bakoitzean malkotan amaitzen dut.

2. Underworld: Born slippy (Nuxx)

Zerrendan abesti bakarra jarri dudan arren, musika elektronikoak nire zerrendan egon behar zuen, gehien entzuten dudan musika da eta. Abesti hau aukeratu dut dantzarako eta gozamenerako erabat aproposa iruditzen zaidalako.

3. JP Lohian & Klonen Klana: Alperrik da apaintzea

Instrumentu denak berak joz Joseba Poncek sortu zuen diska, izen honen pean ateratako bakarra. Gustuko ditudan artista eta talde denen albumetako bakar bat aukeratzekotan, hau aukeratuko nukeela uste dut, oso konpletoa da.

4. Willie Colón & Héctor Lavoe: Calle luna, calle sol

Kasualitatez Héctor Lavoeren bizitzari buruzko erreportaje bat irakurri ondoren bere musika bilatzen hasi eta... booom!!! Estribilloa burutik kendu ezinda.

5. Tatxers: Goizean oskorri

Taldearen izena eta partaideen estetikak atentzioa deituta hasi nintzen beraien musika entzuten. Pop musika punk jarrerarekin egiten duen talde gisa definituko nuke. Freskoa eta dantzagarria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide