Dantzak hartuko du protagonismoa gaur Musika Jaialdiaren barruan

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 8a, 09:00

Atzo arratsaldean Ubillosen egin zen 'The three ravens' irakurketa musikatuaren une bat. (Miriam Romatet)

Bi dantza ikuskizun izango dira 20:00etatik aurrera Odieta frontoian.

Atzo Ubillos jauregiko kaperan egin zen irakurketa musikatuaren ondoren, dantzak hartuko du gaur protagonismoa Zumaiako 40. Musika Jaialdiaren barruan. Bi dantza ikuskizun jarraitzeko aukera izango dute 20:00etatik aurrera Odieta frontoira bertaratuko diren lagunek. 

Hasteko, Amaia Elizaran dantzari eta koreografo tolosarraren eta Liam Ó Maonlaí musikari irlandarraren kolaborazioaren ondorioz sortutako Ihir ikuskizuna izango da ikusgai. Galwayen (Irlanda) elkar ezagutu ziren eta ordutik bi ikuskizun taularatu dituzte, Arima eta Ihir (lurra, gaeleraz). Lehenaren dantzari zuzeneko musika jarriko dio bigarrenak. Kolaborazio irekia proposatzen dute, inprobisazioarentzako lekua uzten duena.

Ondoren, Ertza dantza konpainiaren Otempodiz emanaldia ikusteko aukera izango da. Asier Zabaletak Afrikara egindako bidaia baten ondoren sortutako dantza saioa da eta Fenias Nhumaio eta Deissane Machava ditu dantzariak. Gaur Zumaian ikusi ahal izango den ikuskizuna Mozambique eta Euskal Herria bitartean bi norantzatan uztartzen den sorkuntza artistiko eta kultura-truke proiektu baten emaitza da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide