Ondarroan eta Hondarribian lehiatuko dira Zumaiako traineruak asteburuan

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 8a, 11:00

Telmo Deun trainerua pasa den larunbatean Orioko estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

Emakumeek larunbatean izango dute estropada Ondarroan, eta gizonek igandean Hondarribian.

Estropada bana izango dute Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko emakumeek eta gizonek datorren asteburuan. Emakumeek ETE ligako jardunaldia izango dute zapatuan Ondarroan (Bizkaia) eta gizonek egun bat geroago Hondarribian (Gipuzkoa).

Eguerdiko 12:00etan izango du arraunketa saioa emakumeen Telmo Deun traineruak, etzi Ondarroan. Lineako estropada izango da Ondarroako XL. Bandera, lau luzetara hiru ziabogarekin. 

Zumaia Orion bigarren egitetik dator. ETE ligan ere bigarren da, 72 punturekin, Astillerorengandik hiru puntura; kantabriarrek 75 puntu dituzte gaur egun. Atzetik da Zarautz, 58 punturekin.

Gizonak Hondarribian

Egun bat geroago, igandean, KAE1 ligarako puntuagarria den Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera jokatuko dute Hondarribian. Estropada 16:00etan jokatuko dute, linean, lau luze eta hiru ziabogarekin. 

Zumaia ohorezko txandan arituko da igandeko arraunketa saioan. Pasa den larunbatean hirugarren egin zuen Orion, San Juan eta Arkoteren atzetik. Hala ere, bigarren postuan jarraitzen dute ligako sailkapenean 83 punturekin, hirugarren den Arkotek baino puntu bat gehiagorekin. Lider da San Juan 107 punturekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide