Elkarren artean loturarik ez zuten bi dantza ikuskizun jarraitzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean Odieta pilotalekura bertaratu ziren herritarrek zein bisitariek. Bata lurrari lotutakoa, besteak bidaia hizpide. Bakoitza mundu txoko desberdin batera begiratzen zuena: Irlandara batek, Afrikara besteak.
Ihir ikuskizunak eman zion hasiera atzoko saioari. Amaia Elizaran dantzari eta koreografo tolosarrak Liam Ó Maonlaí musikari irlandarrak harpa zeltaren bidez jotako doinuen bueltan egin zuen dantza. Inprobisazioan oinarritutako lana, lurrera egiten du bidaia.
Bidaia du gaia Ertza dantza konpainiaren Otempodiz ikuskizunak, Afrikako Mozambike eta Euskal Herria lotzen dituen dantza saioa. Ertza konpainiaren sortzaile Asier Zabaletak sortutako koreografia errepresentatu zuten Fenias Nhumaio eta Deissane Machava dantzariek, une dramatikoak eta intentsitate handikoak partekatuz.