Sagardoa eta taloak, festa giroarekin jarraitzeko

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 10a, 08:43

Euskal Jai Eguna ospatu zuten atzo Zumaian. Goizeko azokaren eta herri bazkariaren ondoren, arratsaldez sagardo dastatzea egin zuten Beheko plazan.

Abuztuko bigarren asteburuaren atarian, ohikoa denez, Euskal Jai Eguna ospatu zen atzo Zumaian. Goizean azoka eta bertso saioak izan ziren, besteak beste; arratsaldez, berriz, sagardo dastatzea.

Herri bazkariaren ondoren oraindik ere sabela betetzeko gogoz zeudenek, edota ondoren etorriko zen sagardo dastatzerako oinarriren bat jarri nahi zutenek, Erkibe elkarteko kideek prestatutako taloak jateko aukera izan zuten. Arratsaldeko une batzuetan taloak erosi nahi zituzten lagunen ilara luzeak ere sortu ziren.

19:00etan hasi zen sagardo dastatzea. Hamar etxetako ardoak probatzeko aukera izan zuten Gurrutxaga plazara hurreratu ziren herritarrek eta bisitariek: bost Erribera kalerantz ematen zuen aldean, beste bostak Torreberri eta Odieta artean. Arratsalde partean egin zuen bero handiari erantzun nahian-edo, lehen edalontziak trago bakarrean hustu zituen batek baino gehiagok. Ondorengoak lasaiago hartu zituzten. 

Jagoba eta Maddalenek jotako musikarekin ere dantza egitera animatu zen bat baino gehiago. Orotara, arratsalde polita pasatzeko aukera izan zen atzo Zumaian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide