Azken txanpan sartu da Zumaiako 40. Musika Jaialdia. Euskal Jai Eguna dela eta atzoko atsedenaldiaren ondoren, gaur eta bihar izango dira jaialdiaren aurtengo aldiko azken ekitaldiak.
Opera proiekzioa izango da gaur, 19:00etan hasita, Aita Mari aretoan. Giacomo Puccini konpositore italiarraren Tosca operaren emanaldia izango da ikusgai Zumaiako aretoan. Emanaldi hau 2019ko ekainean grabatu zuten Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Gran Teatre del Liceu antzokian.
Gorrotoa, maitasuna, pasioa, indarkeria eta erlijioa eskutik helduta daude Luccako konpositorearen maisulan honetan. Arteagatik bizitzea eta maitasunagatik hiltzea dira Toscaren bi konstanteak, Cavaradossi, Tosca eta Scarpiaren arteko triangelu erraial perfektua, Napoleonek inbaditutako Erromako garai asaldatuen testuinguruan.
Emanaldirako sarrerak aurrez salgai daude sarrerakzumaia.eus webgunean. Aretoko leihatilan ere salgai izango dira.