Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba Zumaia barrutik igaro da eguerdian, aurreikusitako ordua baino minutu gutxi batzuk lehenago. Zarautz eta Getaria zeharkatu eta gero, Zumaiara heldu dira. Patxita Etxezarreta eta Axular Ibiltokia pasatu eta gero, Narrondorako bidea hartu dute txirrindulariek, eta behin Arroa Behea igarota, Itziarrerantz jarraitu dute.
Andazarrateko (Aia) igoeran sortu den hamar laguneko ihesaldia pasa da probako buruan Zumaiatik. Simon Carr, Warren Barguill, Amanuel Ghebreigzabhier, Sylvain Moniquet, Davide de Pretto, Jesus Herrada, Ben Zwiehoff, Thibault Guernalec, Adne Holter eta Pierre Latourrek osatu dute buruan joan den taldea. Tropela bi minutu pasatxora pasa da.
Guztira, 236 kilometroko lasterketa bete behar dute txirrindularitza eguteko proba esanguratsua den Klasikoan. 25 taldetako 247 txirrindulari abiatu dira goizeko 10:57an Donostiatik. Lasterketa 16:50ak aldera amaitzea aurreikusten dute.