35 ehuneko aldea besterik ez da izan gaur Astilleroren eta Zumaiaren artean, eguerdi partean jokatu duten Ondarroako XL. Banderan. Azken estropadetan bezala, kantabriarrek astindu dute bandera, baina Zumaian itxura ona eman du.
Joaneko luzean hobeto aritu da Astillero, eta ziabogan lehena izan da 5:54 denborarekin. Zumaia izan da bigarren hiru segundora eta Kaiku bostera. Poparean, baina, ederki aritu da Zumaia eta pixkanaka aldea jaten joan zaio. Ez da nahikoa izan, ordea, bandera irabazteko. Astillerok irabazi du bandera 11:04,55 denborarekin. Zumaia bigarren izan da, 11:04,90 denborarekin; kantabriarrek baino 35 ehuneko gehiago egin ditu Telmo Deunek. Hirugarren Kaiku izan da eta laugarren lehen txandan aritu den San Juan.
Sailkapen orokorrean, aldea handitu dute kantabriarrek. 83 puntu ditu Astillerok eta 79 Zumaian. Gaur bosgarren egin duen Zarautz da hirugarren sailkapenean, 62 punturekin.
Ostegunean izango dute hurrengo hitzordua ETE Liga: ETE liga Bandera izango da jokoan Plentzian (Bizkaian), 11:40etan hasita.
Gizonek, bihar
Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko gizonek bihar dute hurrengo arraunketa saioa. Hondarribian arituko dira, 16:00etan hasita, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Banderan.