Eñaut Elorrietaren emanaldiak borobildu ditu San Lorenteko jaiak

Mailo Oiarzabal

Mezaren ondoren, eguerdian urteroko ospakizunak eta festa egin zituzten atzo ermitaren bueltan, trikitilariekin, bertsolariekin eta umeentzako poniekin.

San Lorentzo egunarekin ospatu zituzten atzo, abuztuaren 10ean, San Lorenteko jaiak, izen bereko ermitaren bueltan.

Mezarekin hasi zuten eguna, eta meza ondoren, eguraldi onak lagunduta, ermitaren kanpoan prestatu duten hamaiketakoarekin gozatu zuten bertaratuek. Ermitaren inguruko itzaletan jarrita dastatu zituzten txorizo ogitartekoak eta edari freskoa, Ane Urbietak eta Maialen Larrañagak soinua eta panderoa astintzen zituzten bitartean. Lopene ganadutegiko ponien txanda etorri zen gero, San Lorenten elkartu ziren umeen pozerako; eta bertsoek ere ez zuten hutsik egin, Danel Olanoren eta Joxe Mari Iriondo Akulu-ren eztarrietatik.

Arratsaldean, berriz, aurtengo berrikuntzarekin borobildu zuten festa eguna San Lorenten. Salgai jarritako 140 sarrerak agortuta, ermita mukuru beteta, eman zuen kontzertua Eñaut Elorrietak, bere Ateosteko biraren barruan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide