Hondarribiko bandera irabazi du Zumaiak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 11a, 22:17

Zumaiako arraunlariak, Hondarribian irabazitako banderarekin, Erribera kalean. (Juan Luis Romatet)

KAE 1 ligako estropada jokatu dute gaur arratsaldez Hondarribian, eta Zumaiak nagusitasunarekin irabazi du.

Balentria galanta egin du gaur Zumaiako Telmo Deun traineruak gaur arratsaldean Hondarribian jokatutako estropadan. KAE 1 ligarako puntuagarria zen Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera zegoen gaur jokoan, eta Zumaiako mutilek garaipena erdietsi dute. Denboraldian astintzen duten lehen bandera izan da gaurkoa.

Ohorezko mailan aritu da Zumaia, San Juan, Arkote eta Lapurdirekin batera. Hasieratik oso berdinduta joan da lehia. Lehen ziabogan Lapurdik eman du lehenbizi buelta, baina lau ontziak hiru segunduren bueltan zeuden. Bueltakoan, burua hartu du Zumaiak, eta bost segundoko aldearekin izan da bigarren ziabogan lehena. Ez du Telmo Deunek estropadaren burua inoiz utzi eta alde politarekin irabazi du gaur jokoan zegoen bandera.

20:57,27 denborarekin irabazi du estropada. Bigarren Lapurdi izan da, hirugarren bigarren txandan aritu den Itsasoko Ama (Santurtzi) eta laugarren denboraldian dominatzaile garbia izan den San Juan. 

Gaur lortutako 12 puntuekin, sailkapen orokorreko bigarren postuan sendotu da Zumaia. Telmo Deunek 95 puntu ditu, hirugarren den Lapurdik baino sei gehiago. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide