Gernikako Grand Slameko finalean izango da Imanol Lopez

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 12a, 10:19

Imanol Lopez, pasa den larunbatean jokatutako finalerdian. (Danny Erdocio)

Johan Sorozabalekin bikotea osatuta, pasa den larunbatean jokatutako finalerdia bi jokotan irabazi zuen. Erkiaga eta Manci izango dituzte aurkari datorren larunbatean jokatuko duten finalean.

Gernikako zesta puntako Grand Slameko finalerdiak jokatu zituzten pasa den larunbatean. Imanol Lopez puntista zumaiarra jaialdiko lehen partidan aritu zen. Johan Sorozabal lapurtarrarekin bikotea osatuta, Urreisti eta Zabalaren aurka aritu ziren bero galantarekin jokatutako partidan.

Lehiatutako bi jokotan erabaki zen partida. Johan eta Lopez ziren faboritoak, eta, ondorioz, Urreistik eta Zabalak ez zuten ezer galtzeko. Etorria erakutsi zuen azken bikote honek Gernikako frontoian eta ez ziren inoiz kikildu. Horren erakusle da lehen jokoan amaierara arte izan zirela borrokan. 14-13ra ere jarri ziren, baina azken tantoa lapurtarrarentzako eta zumaiarrarentzako izan zen (15-13).

Bigarren jokoan ere jarrera bera erakutsi zuten Urreistik eta Zabalak. 4-6 egon ziren aurretik eta atsedenaldira 7-8 emaitzarekin joan ziren. Une erabakigarrietan sendotasun gehiago erakutsi zuten Johanek eta Lopezek eta partida ixten jakin zuten, 15-12. Partidaren amaieran, atzelari zumaiarrak bi aurrelarien gaztetasuna azpimarratu zuen: "gazte hauek asko transmititzen dute".

Datorren larunbatean jokatuko duten finalean Erkiaga eta Manci izango dituzte aurkari. Hauek ere lanak izan zituzten partida irabazteko. Olharan eta Gorka izan zituzten aurkari eta bi jokotan irabazi zuten finalerako txartela: 15-11, 15-13.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide