San Jose Komentuko eraberritze lanak bere amaierara heltzen ari dira. Azken lanek eragina izango dute alde zaharreko trafikoan. Hala, udalak jakitera eman duenez, San Jose kalea autoen joan-etorrietarako itxiko dute datozen asteetako egun batzuetan. Konkretuki, mozketak asteartetik ostiralera egingo dituzte, goizeko 7:30etik 18:30era bitartean, oraindik zehaztu gabeko egunetan.
Kale hau autoentzako itxita egongo den egunetan alde zaharrera igoko den trafikoa Arritokieta kalean gora desbideratuko dute eta. Ibai aldera jaisteko, berriz, Foronda azpitik doan aldapa erabiliko dute. Egun horietan, San Jose itxita dagoen uneetan, aldaparen norabidea aldatuko dute, eta jaisteko erabiliko da, ez auzora igotzeko.