Lizeaga-Azpiroz e Ibarluzea-Artetxe, Dinastiako finalerdietara

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 15a, 12:00

Dinastia Etxabe pilota txapelketako final laurdenetako hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo Aitzuri frontoian. Fase horretako azken hitzordua bihar izango dute, eta horren erabakita geratuko da zer zortzi bikotek jokatuko dituzten finalerdiak. 

Aitzuri frontoiak hartu zuen atzo Dinastia Etxabe pilota txapelketako final laurdenetako beste jardunaldi bat, hirugarrena. 

Lehen partidan, gazte mailakoan, Oier Ibarluzea eta Jokin Artetxek aise irabazi zieten Daniel Sanchez eta Nicolas Fernandezi, 22 eta 11 emaitzarekin. Partidaren lehen zatia berdindua izan zen eta horren erakusgarri da markagailuan izandako berdinketa kopurua: 1-1, 3-3, 5-5, 6-6 eta 9-9. Une horretatik aurrera ihes egin zuten markagailuan amaieran partida irabaziko zuten Ibarluzeak eta Artetxek: 21-9ra arte hamasei tanto jarraian egin zituzten atzo gorriz jokatu zuen bikoteak. Urdinek 11ra arteko tantoak egin zituzten, baina azkenekoa Ibarluzea eta Artetxeren aldekoa izan zen.

Ondoren, 23 urtez azpikoen partida jokatu zuten Lizeaga-Azpiroz eta Igoa-Santesteban bikoteek. Gorriak, Lizeaga eta Azpirozek, alde handia hartu zuten partidaren hasieran (8-1). Urdinek erreakzionatu zuten eta hiru tantora hurreratzea lortu ere bai (9-6). Gorriak, baina, ez zeuden ezer oparitzeko asmoarekin eta 20-11 jarri ziren aurretik. Igoak eta Santestebanek 18. kartoira heltzea lortu zuten, baina partida Lizeaga eta Azpirozentzako izan zen: 22 eta 18.

Partidak bihar

Bihar jokatuko dituzte final laurdenetako azken partidak, 21:00etan hasita, Aitzuri frontoian. Gazte mailan, Cestau eta Castro, Izagirre eta Apeztegiaren aurka arituko dira, eta 23 urtez azpikoetan, Fernandez eta Garaño, Hormaetxe eta Albenizen aurka. 

Argazkiak: Javier Carballo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide