Erakustaldia eman du gaur Plentzian (Bizkaia) Zumaiak, ETE ligako denboraldiko seigarren bandera irabazita. Oraindik sailkapenean lider den Astillerori bederatzi segundo atera dizkio, bigarren itzulian sekulako lana eginda, eta liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, liderragandik hiru puntura jarri dira zumaiarrak.
Estropada amaitu berritan ETB1 kateari egin dizkio adierazpenak Amane Jimenez patroi azpeitiarrak, eta argi utzi du Telmo Deunen helburua irabaztea dela: "Bai ala bai irabazi nahi genuen gaur. Hasiratik izan da gure helburua liga irabaztea, ondo hasi genuen, gero Astillerok aurre hartu zigun, baina azken hilabete osoa daramagu estropada bakoitza amorruz jokatzen, eta asteburu honetako hiru estropadak irabaztea da gure asmoa; ikusiko da ea liga irabazten dugun".
Bigarren helegitea
Zumaiak eta Zarautzek helegitea jarri zuten joan den astean Astilleroren aurka horrek propiotzat hartzen zituen eta hala ez ziren arraunlariak sartzeagatik traineruan, eta epaileak arrazoirik eman ez arren bi talde horiei, bigarren helegitea jartzeko aukera dute bihar arratsaldea baino lehen.
Hortaz, oraindik ikusteko dago Astillero zigortuko duten ala ez, eta zer gertatuko den ligaren sailkapeneko goialdean.
Larunbatean dute hurrengo estropada zumaiarrek etxe ondoan, Zarauzko Ikurrina jokatuko baita han.
Gaurko sailkapena
1. Zumaia: 11:34,04
2. Astillero 11:43,37
3. San Juan: 11:45,46
4. Kaiku: 11:48,42
5. Zarautz: 12:12,85
6. Ondarroa: 12:18,58
7. Deustu-Bilbao: 12:29,18
8. Hernani: 12:39,62