Azala hutsal gisa ikusten dute batzuek; azalekoa, barruan dagoenari, mamiari, alegia, emanaz garrantzia. Baina, zer gertatzen da azala bera denean mamia, edo azalean bertan dagoenean mamia, artelana funtsezkoa bihurtzen duena? Ideia horrekin jokatu du Keixeta artistak gaur Zumaiako Oxford aretoan zabaldu duen erakusketa sortzerako orduan. Azalaren mamia jarri dio izena irailaren 8ra arte bisitatu ahal izan den bildumari.
Teknika eta lan arlo desberdinak bildu ditu Keixetak erakusketa honetan. Ohikoa duen teknikak erabiliz, testurak eta margoak uztartzen dituzten tamaina handiko koadroak sortu ditu artista arroarrak. Berriro ere azala hitza erabiliz, pertsonen azalean sortzen diren zimurrak ekarri ditzakete burura.
Horiekin batera, eskulturak ere erakutsi nahi izan ditu Keixetak bilduma honetan, elementu horietan ere aipatu azalarekin jokatuz. Eskultura horien artean aipatzekoa da sortu duen totema.
Erakusketa irailaren 8ra arte egongo da zabalik, egunero 18:30etik 20:30era, eta jaiegun eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.