Kauldi Odriozolak omenaldia jasoko du igandean Anoetan

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 16a, 14:00

Kauldi Odriozola Pulpoko kideekin, astelehen gauean egin zioten omenaldian. (Juan Luis Romatet)

Azken hilabete hauetan kirol munduko txapelketetan aritu diren Realeko eta Gipuzkoako kirolariak omenduko ditu klub donostiarrak Rayoren aurkako jokatuko duen partidaren aurretik. 

2024-2025 futbol denboraldiko lehen partida jokatuko du Realak etzi, igandean, Anoetako Reale Arena estadioan. Rayo Vallecano taldea izango dute aurkari txuri-urdinek liga hasierako norgehiagokan. 19:00etan jokatuko dute futbol partida.

Partida hasi aurretik, azken hilabete hauetan kirol mundu mailako txapelketatan aritu diren jokalariak omenduko ditu klub donostiarrak, eta horien artean izango da Parisko Olinpiar Jokoetan Espainiako selekzioarekin brontzezko domina irabazi duen Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarra. 

Odriozolarekin batera omenaldia jasoko duten kirolariak Mikel Oyarzabal, Mikel Merino, Martin Zubimendi, Alex Remiro, Jon Pacheco, Beñat Turrientes, Sergio Gomez, Jon Mikel Aranburu, Elene Lete, Manuela Vanegas, Pau Etxaniz, Imanol Gartziandia eta John Cabang izango dira.

Jokalari zumaiarrari pasa den astelehenean egin zioten harrera eta omenaldia bere jaioterrian, Pulpo Eskubaloiak antolatuta. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide