Cestau-Castro eta Fernandez-Garaño, Dinastiako finalerdiak osatuko dituzten azken bi bikoteak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 17a, 16:00

Dinastia Etxabe pilota txapelketako final laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten atzo gauez Aitzuri frontoian. Hala, erabakita geratu da zer bikotek jokatuko dituzten finalerdiak.

Atzo gauez jokatu zituzten Dinastia Etxabe pilota txapelketako final laurdenetako azken partidak Aitzuri frontoian.

Gazte kategoriako partidan, Cestau-Castro eta Izagirre-Apeztegia bikoteak neurtu ziren Zumaiako pilotalekuan. Gorriz lehenak, urdinez bigarrenak. 3-0 aurreratu ziren gorriak, baita hiruna berdindu ere urdinek, baina Cestau eta Castrok zortzi tanto egin zituzten jarraian markagailuan 11-3 emaitza jarriz. Izagirrek eta Apeztegiak erreakzioa izan zuten, eta tantoz tanto markagailuan hurreratzen joan ziren 13nako berdinketa lortu arte. Urdinei indarrak agortu zitzaizkien, baina, eta Cestau eta Castrok berriro ihes egin zuten markagailuan partida 22-14 emaitzarekin irabaziz. 

23 urtez azpikoen kategoriako partida jokatu zuten jarraian. Fernandez eta Garaño, gorriz, gerriko urdinarekin kantxaratu ziren Hormaetxe eta Albenizen aurka aritu ziren. Partida berdindua eskaini zuten bi bikoteek, eta markagailuan izan ziren berdinketak dira horren adibide: 1-1, 2-2, 6-6, 7-7, 8-8, 11-11. 12nako berdinketaren ondoren gorriek aurrea hartu zuten, baita alde txiki bat zabaldu ere markagailuan (20-15). Urdinek azken erreakzioa izan zuten eta 22-18ra hurreratu ziren. Azken bi tantuak, ordea, Fernandez eta Garañorentzako izan ziren eta 22-18 emaitzarekin irabazi zuten partida, finalerdietarako txartelak lortuz. 

Finalerdietako gurutzaketak honela geratu dira:

Abuztuak 19, 21:00etan
  • Gaztetan, Egurrola-Calvo vs Olaizola-Leonet.
  • 23 urtez azpikoetan, Aranberri-Bernaola vs Iker Egiguren-Sotil.
Abuztuak 22, 21:00etan
  • Gaztetan, Ibarluzea-Artetxe vs Cestau-Castro.
  • 23 urtez azpikoetan, Lizeaga-Azpiroz vs Fernandez-Garaño.

Argazkiak: Javier Carballo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide