Zumaiak ezin izan ditu errepikatu Zarautzen aurreko estropadetako emaitza onak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 17a, 15:00

Zumaiako emakumeak artxiboko argazkian. (Utzitakoa)

Zarautzen jokatu dituzte gaur eguerdian ETE eta KAE1 ligetako estropadak. Zumaiako emakumeak hirugarren izan dira eta seigarren gizonak. 

Pasa den igandean gizonen Telmo Deunek bandera irabazi zuen Hondarribian, eta duela bi egun emakumeenak Plentzian. Gaur Zarautzen emaitzak errepikatzeko esperantza bazuten bi eskifaiek, baina gaurkoan ez da posible izan.

Zarauzko arraun elkartearen IV. Ikurriña jokatu dute goizeko 11:00etatik aurrera, aurtengo ligaren azken aurrekoa. Bi luzetara jokatu dute arraunketa saioa, ziaboga batekin. Etxeko ontziak emaitza on bat lortu nahi zuen bere zaletuen aurrean eta ziabogan lehena izan da 5:24 denborarekin. Segundo batera eman du buelta Astillerok eta Zumaia hirugarren izan bost segundora. Itzulerako luzean Astillerok aurrea hartu du eta bera izan da irabazlea 10:53,47 denborarekin. Zarautz izan da bigarren hiru segundora eta Zumaia hirugarren zarauztarrengandik segundo batera.

KAE1 ligako estropada jokatu dute ondoren, Zarauzko arraun elkartearen XV. Ikurriña, alegia. Denboraldian gehienetan gertatu bezala, San Juan izan da irabazlea. Zumaiak ezin izan du gaur burutik hurbil ibili, eta estropadaren amaieran seigarren izan da. Pasaitarren eta zumaiarren artean Arkote, Itsasoko Ama, Zarautz eta Lapurdi sailkatu dira gaurkoan.

Emakumeek zein gizonek bihar izango dituzte ligetako azken saioak (emakumeek Euskotren ligara igotzeko play offa jokatuko dute oraindik). Bilbon izango dute hitzordua. ETE Ligan, Emakumeen Bilboko IX. Ikurriña – Ane Aizpururen IV. Oroimenezkoa jokatuko dute; KAE1 Ligako ontziek, berriz, Bilboko Hiria XLVI. Ikurriña jokatuko dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide