Ekainean aurkeztu berria du Euskaltzaindiak 199. araua, Euskal Herriko kostaldeko leku izenak finkatzen dituena. Guztira 424 izen bildu dituzte: Bizkaiko 179, Gipuzkoako 169 eta Lapurdiko 76. Duela zenbait urte hasi ziren gaia lantzen, eta 2021eko martxoan eman zuten zerrenda horren aurrerapen moduko bat, EITBk hala eskatuta.
Premia bazegoen, egia esan! Hedabideetan istripuen eta bestelako albisteen berri eman behar izan dutenetan, batzuetan kokatu ezinda ibiltzen dira: "Zumaia eta Deba artean" esaten dute, Motxo itsasontzia non geratu zen kontatzeko, esaterako, eta ez dira konturatzen ia 10 kilometroko tartea dagoela bi herriguneen artean; edo turista despistatu batzuk helikopteroz atera behar izan dituztenean, "Zumaiako flyschean" izan dela esan eta aurrera! Beste batzuetan, surflariek lagunartean eta ezjakintasunez jarritako izenak (Playa Gris, Rokaputa) erabiltzen dituzte kazetariek edo ahozko formak (Orrua) idatziz jarri, bestela. Ondorioz, olatu erraldoiek aspaldiko izenak zurrunbiloan eraman dituzte ia, eta hor gabiltza azken urteotan Aizpurupe/Planeixa, Izustarri eta Orroaga izenak berreskuratu eta indartu nahian.
Zumaian badago nolabaiteko sentsibilitate bat, zorionez, eta Baleiken beste inon baino gehiago zaindu dira toponimoak. Leku izen horiek bildu eta mapa batean jartzeaz gain, ahalegina egin dugu herritarren artean gizarteratzeko ere. Imanol Azkueren Zumaia, izena eta izana liburua da horren adibide bat; hasierako ataletan itsasoaz eta harraldeaz izen eta jakingarri franko agertzen dira. Esate baterako, ohiko mapetan ez duzu topatuko Iruermita izena; aurrena San Antongo itsasargia eta Mendizorrotz tontorra lerrokatu behar dira, eta gero bigarren marra moduko batekin San Telmo, Arritokieta eta San Lorente ermitak parean jarri: hara hor arrantzarako paraje bikaina! GPSrik ez zegoen garai haietan, horrelako marka edo puntu asko izaten zituzten arrantzaleek, bakoitza bere izenarekin.
Euskaltzaindiak Zumaiako hamasei leku izen zerrendatu ditu, hasi Palankamugarritik eta Santiagoraino, eta mapatxo batean kokatu ere bai. Zalantzazko konturen bat ere badago tartean, ordea. Andikaraerreka itsasoratzen den puntuari Itsaspe jarri diote, eta izen hori Algorritik Sakonetarainoko eremu osoari deitzeko erabili izan dute zumaiar batzuek; gainera, Itziartik behera izen bereko auzoa eta kanpina hor daudenez, nahasgarria da zerbait zehatz kokatu nahi bada. Hala ere, aintzat hartu behar dugu ikuspegi orokorrarekin egin duela lan hau Euskaltzaindiak, izen nagusiak ezagutarazteko.
199. arau hori bidelagun dugula, gogoa ematen du bizikleta hartuta Angelutik hasi eta Muskizeraino izen guztiak ezagutzeko; edo mendebaldetik ekialdera itsasontzi batean bide hori egitea ere plan ederra litzateke. Herritik asko urrutiratu gabe, proposamen xumeago batekin natorkizue: udan oinez ibilalditxoa egitea Elorriaga aldetik hasi eta Talaimendira bitartean, lehorreko bideetatik seguruago, gure izen kresaltsuak non dauden ikusteko eta ikasteko. Adibidez, jakin ahal izango dugu Itzurungo eskuinaldeko piszina ezaguna Itzuruntxiki dela, eta horregatik jarri diotela kantinari izen hori. Beduolako lagunen batekin ere egin daiteke txango dotore askoa, Baratzazarretatik Izustarri bitarteko txokoak uretatik bertatik ikusteko. Biko piragua bat badaukat nik, bestela, hautsa kentzeko premiarekin.
Ongi etorri zorioneko arau berriari, beraz. Izan ere, sustraietara lotzen gaituzten lokarriak dira leku izenak. Orain geure esku dago ondare horri bizitasuna eman eta izenekin izana indartzea.