Erretratua

Zazpigarren artearen ezkutuko argia

Julene Sorarrain 2024ko abu. 24a, 09:00

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La veceria

Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak ari da egiten Joane Alberdi (Zumaia, 2000), eta ikasketa horien harira, 2019. urtean Zumaiako Aita Mari zineman hasi zen lanean, leihatilan. Gaur egun, postu bera mantetzen du, baina betebehar berriak ditu: izan ere, zinemako soinu eta argi teknikaria da orain, baita proiekzio gelako arduraduna ere. Erretratu hau uztaileko Zumaiguka aldizkarian argitaratu zen. 

Madrilen hasi zuen Joane Alberdik bere ibilbidea Ikus-entzunezko Ingeniaritza ikastera joan zenean, baina graduak konbentzitu ez, eta berriro Euskal Herrira itzuli zen. Orain Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua ikasten ari da EHUn. "Pare bat hilabete ondoren, Aita Mari zinema aretotik deitu zidaten, lanean hasteko proposamenarekin. Nire lehengusinaren lagun batek bere postua utzi behar zuen, eta hasiera batean ez nuen ideiarik lan honen inguruan, ezer jakin gabe etorri nintzen hona", azaldu du Alberdik. 

Ikus-entzunezko graduaz gain, community manager eta diseinu grafikoko ikastaroak ere egin ditu Alberdik. Orain, aldi berean, ikus-entzunezko ikasketak eta zinemako lana egiten ditu: "Karrerako azken urtean nago, jadanik bost ikasgai geratzen zaizkit. Praktikak UKT Urolako Komunikazio Taldean egin nituen aurreko urtean ikus-entzuneko arloan, grabatzen eta editatzen".

Lanorduei dagokienez, orokorrean asteburuetan aritzen da, baina aste tartean ere tokatzen zaio: "Batzuetan ekitaldi batzuk edukitzen ditugu aste barruan ere; beraz, ordutegi aldetik, lan malgua da. Ostegunetan Zine Foruma antolatzen dugu, filmak jatorrizko hizkuntzan eskainiz. Antzerki denboraldian, agian bizpahiru ikuskizun izaten ditugu hilero. Ekitaldi gehiago ere egiten ditugu, besteak beste, liburuen sariak, Geoparkeko aurkezpenak eta kontzertuak… Eta ni teknikari bezala aritzen naiz horietan ere. Beraz, hainbat alderdi ukitzen ditut. Asteburuetan izaten dugu lan gehiena, beraz planak egiteko eta sozializatzeko denbora gutxi dut. Aste barrua da gure asteburua".

Alberdik "denetarik" egiten du zineman: "Filmak ematen ditugunean, oro har, leihatilan egoten naiz, baina proiekzio gelan egotea ere tokatzen zait batzuetan. Antzezlanak ditugunean, soinu eta argi teknikari lanak egiten ditut, eta bestalde, Aita Mariren sare sozialak ere kudeatzen ditut". Proiektatzen Aita Marin bertan ikasi duela azaldu du. "Ekoizleek beraien filmak bidaltzen dizkigute, eta guk proiektorean sartzen ditugu kodigo bidez. Lan erraza dirudi, baina arazoak baditugu, bi pertsona bakarrik gaude zinema osoan eta, behin ala behin, argia joan izan zaigu, baita proiektorea film baten erdian itzali ere. Batzuetan film okerra jarri dudanaren beldurra izaten dut!". 

Antzerkiekin disfrutatzen du gehien Alberdik: "Ordu asko izaten dira, baina beti zerbait egiten ari zara, eta pila bat ikasten duzu. Antzezlan bat dagoenean, goizean goiz etortzen gara, argia eta soinua muntatzen ditugu, eta ondoren, antzerkiko teknikariak datoz. Denok batera muntatzen dugu eszenatokia, goiz osoa igaro dezakegu muntaketarekin. Gauean, berriz, dena desmuntatzea tokatzen zaigu".

Alberdik ez du argi oraindik zer egin nahi duen graduatu ostean; izan ere, "gauza asko" gustatzen zaizkio ikus-entzunezkoen alorrean, eta zabalik dago aukera guztietara: "Esaterako, diseinua asko gustatzen zait, baina baita grabatzea eta editatzea ere. Zinemagintzan edo telebistan, teknikari bezala zuzenekoetan edo antzerkian… ez dut argi oraindik zer egin nahi dudan".

Zinemaren etorkizunaz hitz egitean, larriturik sentitzen da: "Asko nabaritu dugu zinemara gero eta jende gutxiago etortzen dela. Gehienbat pandemia garaian ikus genuen hori. Eta kostatu egin zaigu jendea berriro hona etortzea. Euskarazko filmetan haur gehiago etortzen dira, agian beste plataformetan ezin direlako aurkitu film horiek. Baina, atzerriko film bat izan genuen orain dela bi aste, eta oso gaizki joan zen… Gero, euskarazko film bat ekartzen duzu, eta ondo funtzionatzen dute. Zine Forumean, esaterako, publiko leiala dugu. Eta eskertzeko da".

Kurtsoan zehar zinemaren historia ikasteko gogoa izan du, baita alde praktikoari begira grabaketa lanetan hobetzekoa ere: "Zinema asko gustatzen zait, baina hemen lanean hasi nintzenetik, apur bat saturatuta nago (barrezka). Zaila egiten zait beste zinemetara joatea, baita etxean kontsumitzea ere. Baina hemen ematen ditugun filmak beti ikusten ditut. Nire genero faboritoa thrillerra da, polizienak bereziki, eta gustuko zuzendari bat, berriz, [Christopher] Nolan dut".

Zineman jendeari arreta mantentzea kostatu egiten zaiola adierazi du: "Sakelakoari begira egoten dira asko. Neu naiz lehenengoa, etxean pelikula bat ikusten badut, nahigabe mugikorra ateratzen duena edo filma gelditu eta hurrengo egunean ikusten jarraitzen duena. Zinemara etortzean, ordea, desberdina da; bi orduz pantailari begira zaude, arreta guztia pantailan duzularik. Baina oraindik ikusten duzu jendea zinemara etorri eta sakelakoa ateratzen duena. Gazteak zinemara etortzea ere erronka bat izan da, eta horregatik, sarrerak online jarri ditugu, prozesua errazteko. Sare sozialetan ere sarrerak zozkatu izan ditugu. Helduak ez dira arazoa: gazteak dira etortzen ez direnak".

Emakume teknikaria izatea ere "gauza erraza ez" dela azpimarratu du Alberdik. Izan ere, emakume oso gutxi daude ikus-entzunezkoen munduan: "Zure lanari buruz ezer jakingo ez bazenu bezala tratatzen zaituzte. Bigarren plano batean lagatzen zaituzte, zure hitzek ez dute besteenak bezainbeste balio, eta arazo bat badago, konponbidea beste bati eskatzen diote, ez zuri. Emakume teknikariak etortzen direnean, aldiz, oso ondo sentitzen gara gure artean. Baina antzezlanetako teknikarien %95 gizonezkoak dira, eta multzora egokitu behar duzu". 

Etorkizunera begira, Alberdik antzerkiaren munduan imaginatzen du bere burua: "Zinemara etorri diren askok animatu naute arlo horretan lan egitera. Egia esan, ordu asko dira eta, askotan, biran egotea suposatzen du. Beraz, etxetik kanpo ordu asko igaroko nituzke. Baina gaztea naiz, eta egia esan, baztertu ez dudan proposamena da".

  • Adina: 24 urte.
  • Ikasketak: Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua. Diseinu grafikoko eta community manager ikasketak ere baditut.
  • Lanbidea: Soinu eta argi teknikaria eta leihatilako lana Aita Mari zinema aretoan.
  • Zineman ez banu egingo lan… Ikus-entzunezko edukiak editatzen eta grabatzen arituko nintzateke. 
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Gitarra jotzea. Orain, musika produzitzen hasi naiz etxean. Neuretzako egiten dut gehienbat. Euskal musika dut gustuko, eta orain rap-a ere hasi naiz entzuten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide