Bigarren amaitu dituzte Zumaiako traineruek ETE eta KAE1 ligak

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 18a, 19:31

Zumaiako arraunlariak. (@InakiAristi)

Bilbon jokatu dituzte Zumaiako traineruek ligako azken estropadak. Emakumeek Euskotren ligara igotzeko play offa jokatuko dute; gizonek ez, bigarren izanda ere, klubeko zuzendaritzak play offerako arraunlariak epearen barruan apuntatu ez zituztelako.

Gaur arratsaldean jokatu dituzte Bilboko uretan ETE eta KAE1 ligako azken estropadak. ETE Ligako traineruek Emakumeen IX. Ikurriña jokatu dute; KAE1 ligako ontziek, bere aldetik, 46. Bilboko Hiria ikurriña. Biak ere erlojupekoak izan dira. Emakumeek bi luze egin dituzte ziaboga batekin eta gizonek lau luze hiru ziabogarekin.

ETE ligako estropadak eman dio hasiera arraun arratsaldeari. Zumaia laugarren izan da gaurkoa sorpresa eman eta Bilboko bandera astintzea lortu zuen Zarautz, Astillero eta San Juanen atzetik. Zortzi segundoko denboran sartu dira lau ontziak. 

Jarraian, KAE1 ligako estropada jokatu dute eta hor ez da sorpresarik izan, San Juanek irabazi duelako beste behin ere bandera. Zumaia bosgarren sailkatu da gaurko hitzorduan, San Juan, Arkote, Itsasoko Ama eta Lapurdiren atzetik. Hamabost segundoko aldea besterik ez da izan lehena eta bosgarrenaren artean.

Sailkapen orokorrean bigarren egin dute Zumaiako bi ontziek. ETE Liga Astillerok irabazi du 105 punturekin, eta Zumaia bigarren izan da 98rekin. Hala ere, aldaketak izan daitezke Zumaiak eta Zarautzek aurkeztutako helegitea epaileak aintzat hartzen badu. KAE1 ligan, berriz, San Juan izan da jaun eta jabe 152 punturekin. Zumaia bigarren izan da 120 punturekin. 

Ezin ahaztu Zumaiak traineru denboraldian lortu dituen zazpi banderak: sei emakumeek eta bat, Hondarribikoa, gizonek.

Play offa emakumeek bai, gizonek ez

Kontxarako sailkatze estropada ahaztu gabe, klubeko emakumeak Euskotren ligarako play offa prestatzen hasiko dira. Zumaiako gizonen traineruak ez du aukera hori izango, liga bigarren postuan amaitu arren. Izan ere, klubak ez zituen arraunlarien izenak aurkeztu play offa jokatzeko horretarako zabaldutako epean. Epez kanpo, ezinezkoa da orain izenak aurkeztea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide