Urrezko hiru domina irabazi ditu Itxas-Gainek maratoi distantziako Espainiako Kopan

Gorka Zabaleta 2024ko abuztuaren 19a

Irati Osa txapeldun izan da K1 senior mailan, Eider Amundarain 23 urtez azpiko K1eko estropadan, eta Irati Osa eta Aimar Amundarain K2 mistoan. Horrez gain, beteranoen Espainiako Kopan, urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina bana irabazi dute piraguista zumaiarrek.

Asteburu bikaina izan du Itxas-Gainek Pontevedran (Galizia), maratoi distantziako Espainiako Kopan urrezko hiru domina irabazita bueltatu baitira etxera piraguistak. Guztira 69 klubek hartu dute parte, eta zumaiarrek onenen artean amaitu dute txapelketa, laugarren postuan, Pontevedra, Vilaboa eta Aranjuez kluben atzetik.

Irati Osak urrezko bi domina eskuratu ditu, bata bakarka, senior mailako estropadan, eta bestea estropada mistoan, Aimar Amundarainekin bikotea osatuta. Bakarkako lanean, 14 segundoko aldearekin nagusitu zitzaion Zamorako Eva Barriosi,  ordubete 47 minutu eta 39 segundoko denbora eginez. Aimar Amundarainekin osatutako biko estropadan handiagoa izan zen bigarrenarekiko aldea, 45 segundora iritsi baitzen Los Cuervoseko Marina Martinezek eta Diego Fernandezek osatutako bikotea. 

Urrezko hirugarren domina Eider Amundarainek irabazi du, 23 urtez azpikoen estropadan. Kasu honetan, lehia estuan lortutako garaipena izan zen, Cuencako klubeko Celia Toledorekin azken txanpara parez pare iritsi ondoren. 

Azpimarratzekoak dira, baita ere, gizonezkoen K1 senior estropadan Martin Egañak eta eta jubeniletan Asier Etxabek lortutako bosgarren postua. 

Beste hiru domina Espainiako Master Kopan

Beteranoek ere uzta ederra ekarri dute Pontevedratik: Maite Etxabek urrezko domina irabazi du 45 eta 49 urte artekoen K1 estropadan; Maite Etxabek berak, zilarrezko domina lortu du Eñaut Aizpuruarekin beteranoen estropada mistoan; eta Iñaki Fernandezek brontzezkoa eskuratu du 35 eta 39 urte arteko K1 estropadan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide