Olaizola-Leonet eta Egiguren-Sotil bikoteak, Dinastia Etxabe pilota txapelketako aurreneko finalistak

Andoni Elduaien 2024ko abu. 20a, 16:01

Gazte mailan, Olaizolak eta Leonetek lortu zuten Dinastia Etxabe eskuz binakako pilota txapelketaren finalera sailkatzea, eta 23 urtez azpikoetan, Egigurenek eta Sotilek. Ostegunean jokatuko dituzte eskuz binakako beste bi finalerdiak.

Atzo, astelehena, jokatu zituzten Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalerdiak, Zumaiako Aitzuri frontoian. Gazte mailako eta 23 urtez azpiko eskuzko bi partida jokatu zituzten; bbi partidetan bikote urdina nagusitu zen, eta horrenbestez, horiek sailkatu ziren finalerako.

Gazte mailako partidan, Egurrola-Calvo gorriz eta Olaizola-Leonet urdinez aritu ziren nor baino nor gehiago. Markagailuan bi-hiru tantoren aldearekin, gorabeheratsu aritu ziren bi bikoteak partidaren lehen erdian, harik eta Egurrolak eta Calvok osatutako bikotea hamaseigarren tantoan aurrera egin ezinda gelditu zen arte. Ordutik aurrera Olaizola eta Leonet nagusi izan ziren Aitzurin, eta horrela, haiek lortu zuten gazte mailako finalera sailkatzea, 16 eta 22 irabazita.

23 urtez azpikoen kategoriako partida jokatu zuten segidan, eta hura ere emozio handikoa izan zen; amaieran asko estutu zen lehia. Gorriz aritu ziren Aranbarri eta Bernaola, eta urdinez Egiguren eta Sotil. Hasiera parekatua jokatu zuten bi bikoteek, baina markagailuak 6 eta 7 erakusten zuenean partida hautsi egin zuten Egigurenek eta Sotilek; markagailuan bikoiztu ere egin zituzten aurkariak (7-15). Gorrien erreakzioa etorri zen gero; bi bikoteak hemezortzina nahiz hemeretzina tantorekin berdinduta ere egon ziren markagailuan, baina amaierako txanpan urdinek gehiago asmatu eta finalera sailkatzea lortu zuten. Amaieran, 19 eta 22, urdinak irabazle.

Ostegunean, hilaren 22an, jokatuko dituzte gainerako bi finalerdiak, Aitzurin. Abuztuaren 26an, astelehenez, zesta-puntako lehiak izango dira, eta abuztuaren 29an, azkenik, modalitate guztietako finalak jokatuko dituzte. Hona hemen txapelketaren azken txanpa zehazten duen egutegia:

Abuztuak 22, osteguna, 21:00etan:
  • Gaztetan, Ibarluzea-Artetxe vs Cestau-Castro.
  • 23 urtez azpikoetan, Lizeaga-Azpiroz vs Fernandez-Garaño.

Abuztuak 26, astelehena, 21:00etan, zesta-puntako partidak:

  • Zelaia-Cabanillas vs Hernandez-Atain
  • Basterra-Ureta vs Egaña-Oierdi

Abuztuak 29, osteguna, 21:00etan:

  • Modalitate guztietako finalak.

(Argazkiak: Javier Carballo)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide