Hirukide familia ugarien elkarteak Zumaiako eta inguruko familia ugariei zuzendutako informazio saioa egingo du urrian, Zumaian bertan. Urriaren 29an, asteartez, izango da saioa, 18:00etan hasita, oraindik zehazteko dagoen tokian, baina elkarteak adierazi duenez, ordu horretan bertaratu ezin duten guztiei edo arreta zuzena jaso nahi dutenei arreta emango diete, 09:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era, leku berean.
Oraindik denbora falta da aurkezpen egunerako, baina Hirukidek jakinarazi duenez, formulario hau betetzen dutenek hitzordua hartu ahal izango dute, eta, beraz, lehentasuna izango dute arreta jasotzerakoan; horretara gonbidatu dituzte inguruko familia ugariak. Dena den, adierazi dute ez dela beharrezkoa aurrez hitzordua hartzea, bertaratzen diren familia guztiei emango dietelako arreta; hala ere, aurretiazko hitzordua dutenek ez dute itxaron beharrik izango.
Aurkezpen saioan nahiz horrez gain eskainiko duten arreta puntuan erakundearen zerbitzuen eta jardueren berri emango dute, familia ugarientzat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden eskubide, laguntza eta hobari publikoen informazio zehatza eskainiko dute eta familiek dituzten zalantza, iradokizun eta erreklamazioei erantzungo diete.
Azken urteko berritasunak
Azken hilabeteotan eta urteetan familia ugariei zuzenduta izan diren berritasunak azalduko ditu Hirukidek aurkezpenean, elkartearen arbaera, "familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen". Besteak beste, hauek nabarmendu dituzte: bonu soziala elektrikoa 2024ko irailaren 30era arte luzatu da, %25etik %65ra, eta seme-alabak hazteko eta mantentzeko laguntza berriak sortu dituzte.