Munduko Txapelketako K2 1.000 metroko finalera sailkatu da Iñigo Peña

Gorka Zabaleta 2024ko abuztuaren 23a

Iñigo Peña piraguista zumaiarra.

Iñigo Peña eta Pedro Vazquez zuzenean sailkatu dira K2 1.000 metroko finalera, kanporaketa estropadan bigarren postua lortuta. Finala bihar jokatuko dute, 11:20ean (Euskal Herriko ordua); aurrez, 07:30ean, K4 500 mistoko sailkapen estropada jokatuko du.

Uzbekistango Samarkanda hirian hasi berri dira piraguismoko Munduko Txapelketak, eta han da Iñigo Peña zumaiarra, iaz Duisburgen (Alemania) lortutako urrezko domina defendatzeko prest, Pedro Vazquez bikotearekin batera.

Oraingoz ondo ekin diote K2 1.000 metroko lehiari, sailkapen estropadan bigarren postua lortu eta zuzenean sailkatu baitira finalerako (3:19.042), finalaurrekorik jokatu beharrik izan gabe. Aurretik Joakim Lindberg eta Martin Nathell suediarrak sartu dira (3:18.216). Finala Euskal Herriko 11:20ean jokatuko dute, bihar, larunbata (Samarkadako 14:20ean).

Baina ez dira mila metroko probarekin amaituko Iñigo Peñaren lanak, K4 mistoan ere parte hartuko baitu zumaiarrak, 500 metroko estropadan. Sailkatze estropada larunbatean bertan jokatuko dute, 07:30ean, K2ko finala baino lau ordu lehenago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide