Munduko Txapelketako finala jokatuko du bihar Andrea Saez eskubaloi jokalariak

Andoni Elduaien 2024ko abuztuaren 24a

Andrea Saez atezain zumaiarra. (Bera Bera)

Txinan ari dira jokatzen gazte mailako Munduko Txapelketa, eta bihar, igandea, izango du zumaiarrak finaleko hitzordua. Finalera sartzeko finalerdietako lehian, Hungaria utzi zuten atzo kanpoan, 19 eta 16 nagusituta. Bihar, igandea, jokatuko dute finala Danimarkaren aurka, 12:00etan.

Andrea Saez eskubaloi jokalari zumaiarra gazte mailako Munduko Txapelketako finala jokatzeko sailkatu da. Txinan ari dira jokatzen Munduko Txapelketa abuztuaren 14az geroztik, eta osatu litekeen egutegi guztia beteko du Saezek. Atzo, ostirala, zumaiarra partaide den Espainiako selekzioak 19 eta 16 menderatu zuen finalerdietako partidan Hungariako selekzioa, eta hori horrela, bihar eguerdiko finala jokatzeko sailkatu da; bihar, 12:00etan, Danimarkaren aurka izango du urrezko domina lortzeko lehia. 

Cristina Cabeza Espainiako selekzioko hautatzaileak deialditik kanpo utzi zuen Saez atzoko partida jokatzeko. Dena den, egun Bera Bera taldeko atezaina denaren taldekideek neurketaren hasieratik hartu zuten aurrea, eta hiru-lau goleko errentari eusten jakin zuten ondorengo minutuetan. Gainera, Saezen atepeko lagun Goundo Gassama atezaina da atzoko lehiatik nabarmendu beharreko jokalarietako bat; izan ere, hark atepean egindako lana aipagarria izan zen. Guztira, jaurtiketen %48 gelditu zuen Gassamak –27 jaurtiketa egin zizkioten eta hamahiru gelditu zituen–, eta partidako jokalari onena izendatu zuten.

Finalerdiaren aurretik, baina, beste bost partida ere jokatu behar izan ditu Saezek; guztiak irabazita iritsiko da finalera. Multzoko partidetan, Egipto (37-22), Errumania (25-20) eta Suitza (25-21) menderatu zituen hurrenez hurren, eta Main Round deituriko neurketetan Txekiar Errepublika (26-19) eta Alemania (25-21). Txapelketaren azken fasea jokatzeko sailkatu zen hala eskubaloi jokalari zumaiarra, eta final laurdenetan, Japonia kaleratu zuten 32 eta 23 irabazita. Finalera iritsi aurrezko azken pausoan, azkenik, Hungariari irabazi diote, 19 eta 16.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide