Laugarren postuan amaitu du Iñigo Peñak Munduko Txapelketako K2 1000 metroko finala

Gorka Zabaleta 2024ko abuztuaren 24a

Estropadako azken txanpan hirugarren postura gerturatu diren arren, laugarren amaitu dute Iñigo Peñak eta Pedro Vazquezek.

Munduko Txapelketako dominen borrokan izan da beste behin Iñigo Peña piraguista zumaiarra, baina oraingoan podiumetik kanpo gelditu da, laugarren postuan amaitu baitu K2 1000 metroko finala, Samarkadako (Uzbekistan) uretan. Iaz Duisburgen (Alemania) urrezko domina lortu zuten Peñak eta Vazquezek, baina oraingoan aurretik izan dituzte Talde Neutraleko, Suediako eta Alemaniako ontziak.

Duisburgen zilarra lortu zuen Hungariago ontziak erritmo bizia ezarri du estropadako lehen laurdenean, alemaniarrekin batera. Suediak ere gora egin du eta estropada erdirako, buruan ziren suediarrak eta alemaniarrak. Bi ontzi hauek erritmoari helmugaraino eusteko gai izan dira, eta zilarra eta brontzea irabazi dute, hurrez hurren.

Urrea, baina, Talde Neutraleko Iureniak eta Borikauk osatutako bikoteak irabazi du, atzetik aurrerako estropada bikaina eginez, azken txanpa zoragarrian. Peñak eta Vazquezek ere antzeko estrategia izan dute, asko gerturatu dira estropada burura azken txanpan, baina ez dira podiumeko postuetara iristeko gai izan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide