Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) epaileek gaitzetsi egin dute ETE ligako Zarautzek eta Zumaiak arraunlarien balizko erabilera okerra egiteagatik Astilleroren aurka aurkeztu zuten errekurtsoa; izan ere, Urola Kostako bi arraun elkarteek salatu zuten Astillerok propiotzat jotzen zituen hiru arraunlari aritu zirela traineruko tostetan baldintza hori bete gabe. KAEko epaile organoak atzera bota du bigarrenez Zarautzen eta Zumaiaren helegitea, eta Kantabriako taldea izendatu dute ETE Ligako txapeldun.
Zarauzko eta Zumaiako arraun klubek hil honen hasieran salatu zuten, arraun denboraldi honetan Astillerok zazpi estropadatan lehiatu diren hiru arraunlari "propio bezala izendatuta" zeudela Kantabriako klubak aurkeztutako fitxetan, nahiz eta aipatutako hiru arraunlari horiek Astillerotik kanpo beste arraun klub batzuetan aritutakoak izan. Zarautzen eta Zumaiaren arabera, klubek ezinbestekoa duten harrobiko edo arraunlari propioen gutxieneko kupoa gainditu zuen Astillerok hiru arraunlari horiek traineruan sartuta.
Urola Kostako bi arraun elkarteen salaketaren ondoren, Astillerok hiru arraunlari horiek "propioak izatetik ez propioak izatera" pasatu zituen. Dena den, KAEko epaileen iritziz Astillerok ez zuen "borondate txarrez" egin fitxen mugimendua, eta horregatik, ez zuten aintzat hartu Zarautzek eta Zumaiak egindako salaketa. Epaileen epairi helegitea jarri zioten gero Urola Kostako bi arraun elkarteek, baina bigarren aldi honetan ere gaitzetsi egin du errekurtsoa KAE ligako epaile organoak. Beraz, Astilleroren San Jose trainerua izendatu dute ETE Ligako txapeldun, eta Euskotren Ligara igotzeko play-offa jokatuko dute kantabriarrek.