Datozen bi igandeetan jokatuko den Kontxako Banderako sailkatze estropada jokatuko dute gaur arratsaldez Donostian. Gizonen txanda izango da gaur; emakumeek bihar izango dute irailaren 1ean eta 8an Donostian arraunean egoteko estropada.
Guztira, 23 klubek eman dute gizonen estropadan aritzeko izena. Euskal Herriko, Kantabriako, Galiziako eta Asturiaseko traineruak izango dira lanean 18:00etan hasita. Ondarroa izango da Donostiako badiatik ateratzen lehena. Zumaiako Telmo Deun hamalaugarren aterako da, Asturiaseko Castropol eta Galiziako Chapelaren artean.
Denek ere hiru itsas milia egin beharko dituzte, bi luzerekin eta ziaboga bakarrarekin. Gogoratu Donostiarra sailkatuta dagoela dagoeneko. Beraz, zazpi ontzirentzako lekuak banatuko dituzte gaurko estropadan.
Emakumeen estropada bihar izango da, ordu berean, 18:00etan. Hauek 1,5 itsas milia egingo dituzte eta, gizonen kasuan bezala, hemen ere zazpi ontzirentzako lekuak izango dira jokoan, Donostiarra hasieratik sailkatuta dagoelako.