San Bartolome egunetik San Agustin egunera. Bi egun horien artean ospatu ohi dituzte jaiak Oikian, nahiz eta aurten egun bat lehenago hasi zituzten sanbartolomeak. Egun hauetan atseden asko ezin izan dute hartu festetan murgildutako oikiarrek.
Eta hasten den ia guztiak bere amaiera duen bezala, herriko jaiei gaur emango diote bukaera. San Agustin eguneko mezaren ondoren, herri kirol saioa izan dute plazan. Oikiko gazteak aritu dira lanean, bi taldetan banatuta. Urdinez batzuk, zuriz besteak. Gizon proban (emakume proban, kasu honetan), lokotx biltzean, harri jasotzen, korrika eta trontzan aritu dira, eta, amaitzeko sokatiran. Talde zuria izan da gaur irabazlea.
Ondoren, paella jana eta bingoa izan dute Oikian. Eguna eta aurtengo festak erromeriarekin amaituko dute.