Zumaia ez da sailkatu Kontxarako

Aritz Mutiozabal 2024ko abu. 28a, 19:50

Zumaia Kontxako sailkatze proban (EITB)

Getaria eta Orio Donostiako badian lehiatuko dira datozen bi igandetan. Bihar emakumeen sailkatze proba egingo dute.

Beste urte batez Getariako eta Orioko gizonezkoen traineruak Kontxako Banderan lehiatuko dira. Donostiako estropada klasikoak igande honetan eta hurrengoan jokatuko dituzte hiriburuko badian, baina, ohi bezala, bertan postu bat lortzeko sailkatze estropada gainditu behar da aurrez. Gizonezkoen erlojuaren kontrako sailkatze proba gaur arratsaldean jokatu dute, 18:00etan hasita, eta bihar emakumezkoena izango da. 

23 ontzik hartu dute parte, eta minutu bateko aldearekin hartu dute irteera. Eskualdeko traineruei dagokienez, Oriok bigarren abiatu da, Getaria bederatzigarren, Zumaia hamalaugarren eta Zarautz azken aurren, hogeita bigarren, Tiranen aurretik. Errenkadako lehen erdiaren artean banatu dira Kontxarako zazpi txartelak; Donostiarra zuzenean sailkatuta dago, etxeko taldea delako. 

Sailkatze probako denbora onena Zierbenak ezarri du, 19:44,10eko denborarekin, baina Urdaibaik ere marka bera egin du, hamar ehuneko eskas gehiagorekin. Kontuan izateko bi oilar izango dira igande eguerdian. Hala ere, Oriok estropada txukuna egin du, eta hirugarren helmugaratu dira, hamar segundora. Getariari kostatu egin zaio itsas barrenera sartzea eta sufritu egin dute; aitzitik, poparean ongi asmatu dute, eta bosgarren bukatu dute. Donostiara bertaratu ziren getariarrak pozarren ospatu zuten lorpena.

Ezustekoa Cabo eta Kaikuk eman zuten. Aurreikuspenetan horren faborito ikusten ez ziren ontziak ziren, eta egundoko lana eginda, Galiziakoak laugarren izan zien eta Sestaokoak (Bizkaia) zazpigarren. Azkenik, seigarren postua Hondarribiarentzat izan da, ohiko bat Donostiako badian.

Zumaiak hemezortzigarren bukatu du eta Zarautzek hemeretzigarren, zazpigarren izan den Kaikutik 45 segundo pasatxora.

Igandeko txandak

Sailkatze proba bukatu bezain laster, igandeko estropadako txanden osaketa egin dute zozketa bidez. Hala, lehen txandan, Hondarribia, Cabo, Kaiku eta Zierbena lehiatuko dira, eta bigarrenean, berriz, Orio, Getaria, Urdaibai eta Donostiarra. Era berean, zehaztu dute txanda bakoitzeko kaleen zozketa igande goizean egingo dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide