Ez daki esaten zer datorren lehenago, pintura ala eskultura. Denbora batetik hona, estudioan lanean dabilela, biak aldi berean lantzen joaten baita Txiki Agirre Keixeta (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa, 1963). "Bai eskultura eta bai pintura, biak besarkatuta doaz", haren hitzetan esanda. "Margotzen ditudan koadroak ez dira figuratiboak, baina zerikusi handia dute eskulturekin. Egiten ditudan eskulturak batzuetan pintura bihurtzen dira, eta alderantziz". Bai batzuk eta bai besteak Azalaren mamia izenpean bildu ditu orain Zumaiako (Gipuzkoa) Oxford aretoan ireki duen erakusketan: azken urteko lanaren erakusleiho bat da, baina aretoaren ezaugarrien arabera pentsatu ditu pieza guztiak. "Espazioak berak eskatu dizkit neurri eta portaera batzuk. Erakutsitako lan bakoitza independentea da, baina tokira egokituta daudenez, era berean, guztiek obra bat egiten dute". Irailaren 8ra bitarte bisitatu ahalko da.
Aretora sartu eta pare-parean, margolan handien seikote bat jarri du artistak; eta gisako beste lau koadro handi eskuineko horman. Lan txikiago batzuk ere badiren arren hormetan, "paretetan koadroak dira protagonistak". Gainazal ugariren elkarketa bat iradokitzen dute, eta hori zuzenean lotzen da artistak erakusketari eman dion izenarekin. Hala azaldu du: "Pinturan beti saiatzen naiz margotzen dudan objektu, eskultura edo bolumen horren azala lantzen. Eta hemen kontzeptualki zera nahi izan dut, denboraren pausa azalean agerrarazi. Batetik, geuregan, gizaki moduan, denborak dakartzan zimurrak, zauriak eta orbainak azalean agertzen dira, eta barruan gertatzen den hori guztia azaleratzen da kanpora; baina margotzen ditudan eskulturetan ere gertatzen da. Hezetasuna dela, eguzkia dela... denboran gertatzen den horrek nortasun bat markatzen die. Horri eman nahi izan diot garrantzia, azalean agertzen den horri. Garrantzia duen horren isla da azala".
Berria egunkarian irakurri daiteke erakusketaren inguruko erreportajea.