Pasa den asteburuan jubenil mailako Munduko eskubaloi txapelketa irabazi zuen Andrea Saez jokalari zumaiarrak omenaldia jasoko du etzi, larunbatez, bere jaioterrian. Aurten arte bere taldea izan den Pulpok omenduko du jokalari gaztea, Labarra Nikol Pulpo eskubaloi taldeak jokatuko duen partidaren atarian.
Pasa den denboraldian lehen nazionaleko mailara igotzea lortu zuen taldeak denboraldi berriko lehen partida ofiziala jokatuko du, Euskal Kopakoa, hain zuzen ere. Bidasoa Hondarribia taldea izango du larunbatean aurkari Lubakiko kantxan. Partida 18:00etan hasiko da eta justu aurretik omenduko dute atezain zumaiarra.
Espainiako selekzioko parte izanda lortu du Saezek Munduko txapeldun izatea. Pasa den igandean jokatu zuten Txinan txapelketa finala eta Espainiako selekzioak 22 eta 23 emaitzarekin irabazi zion Danimarka indartsuari.